Jaiak
Jaiak
Santo Tomas Azoka
Santo Tomas Azoka Txindokipean
Eguraldia lagun ez izan arren, elurra mara mara ari zuela eta ingurua zuri zuri zegoela, abenduaren 18an Abaltzisketan urteroko San Tomas azoka ospatu da.
Txalburu Herri Eskolako ikasle eta irakasleek 10:00etarako ia dena prestatua zuten pilotalekuan, (beste urteetan herriko plazan egiten da bainan aurten eguraldi txarragatik pilotalekuan ospatu da), eta beste urteetan bezala Amezketa, Ikaztegieta eta Zubietako eskoletako irakasle eta ikasleak gonbidatuak zeuden azoka honetara. Elurra mara mara botatzen zuenez, Zuietakoak bakarrik etorri ziren.
Aurten ere bazen zer ikusia: ardiak, oiloak, indioilarrak, ahuntzak, akerrak, kapoiak, faisanak.
Ahora eramatekorik ere bazen salgai: mondejuak, fruitu eta barazkiak, arraultzak, kontserbak... Esan daiteke, San Tomas inguruan Txalburu Herri Eskolak antolatzen duen azoka hau erakusketa soil izatetik benetako azoka izatera pasa dela.
Hasiera batean produktuak erakusteko bakarrik ekartzen zituzten, baina urtetik urtera gero eta gehiago eskatzen denez, azoka hau saltzeko ere erabiltzen da.
Ikasleek eurek egindako eskulanekin osaturiko postu bat ere jarri zuten: txotxongiloak. karpetak, margoak edukitzeko ontziak, argazkiak jartzeko markoak.... Eta urtero ikus daitezkeen hainbat eta hainbat kontu ere baziren atzo: artisau lanak, gozogileen produktuak, bitxiak, barazki eta fruituak, etxean egindako ogiak...
Bostgarren edizioa
Bostgarren aldiz ospatu da Abaltzisketan San Tomas azoka. Bertako eskolara etorri aurretik Urnietakoan egona zen irakasle batek proposatu zuen eskolak San Tomas egunean azoka bat antolatzea. Ideia polita iruditu zitzaien, eta froga egitea erabaki zuten.
Bertako eskolako umeez gain, Ikaztegietako eta Amezketako eskoletakoak ere igotzen dira, aurten posible izan ez bada ere. Horrez gain, herri mailan ere deia egin zen.
Santo Tomas biharamunean erakusketa moduko bat antolatzeko asmoa zutela, eta parte har zezala nahi zuenak; lehen edizio hartan abenduaren 22an ospatu zuten azoka. Herritarrengandik jaso zuten erantzuna sekulakoa izan zen, ezustean harrapatu zituen. «Guk erakusketa moduko bat antolatu genuen, festa txiki bat ospatzeko aitzakiarekin, baina ez genuen produktuak saltzeko intentziorik. Jendea, ordea, erosi eta erosi hasi zen eta egia esan ez ginen horretarako prestatuta etorri, ez baikenuen itzultzeko dirurik ere», gogoratzen zuen partehartzaile batek. Ordutik, barazkiak, lanabesak, oihalak, eskulanak, produktu ekologikoak edo postreak ikusi eta erosi daitezke azokan, guztiak abaltzisketarrek eginak edo bereziki azoka egunerako ekarriak.
Urtez urte indartzen doan azoka da Abaltzisketan San Tomasetan egiten dena. Ezagutu nahi duenak, urtebete barru izango du hurrengo hitzordua.
Inauteriak
Txantxo dantza
Abaltzisketako txantxoak goizeko 7etan biltzen dira herriko plazan prestaketa lanari ekiteko. Zortzi mutil dira; lau bikote.
Alkandora eta galtza zuriak daramatzate, txapela gorria borla zuriarekin, gerriko gorria, gorbata beltza eta, sorbaldan gurutzatuta, aspaldiko bi ezkon-mantoi dotore eta koloretsu. Soinujoleak eta bi mozorroek osatzen dute koadrila. Orotara, beraz, hamaika lagun. 8etan hasiko dira baserriak bisitatzen. Txantxoek "Makila txiki" deritzon makil-dantza bat egingo dute. Mozorro batek dantza egin behar den etxe ataria garbituko du. Bestea, berriz, dirua biltzeaz arduratuko da.
Txantxo koadrila 10.30etan berriro egongo da herrian, meza nagusitik aterako direnen aurrean dantza egiteko prest. Ondoren, Larraitzeko bidea hartuko dute, hango meza irteeran ere dantza egiteko.
Eguerdiko 14.00ak aldera beraien egitekoa amaitua izango dute eta bazkari eder bat egingo dute elkarrekin.
San Isidro Eguna
Urtero Abaltzisketako baserritarrek beraien zaindariaren eguna ospatzen dute, San Isidro Eguna. Egun horretako egitaraua honako hau izaten da:
- 13:00etan: Meza Nagusia, San Juan Bataiatzailearen elizan. Meza horretan San Isidro kanporatzen dute prozesio batean.
- 13:45etan: Bazkaria, herriko jatetxe batean.
San Juan Jaiak
Olentzero
Olentzero pertsonai tradizional bat da Gabonekin eta data hoiei lotutako hainbat tradiziori lotua dagoena. Horien artean ohikoa da egun honentan Euskal Herriko hainbat herritan ume eta nagusi taldeak ikustea etxez -etxe gabonetako euskal kantak kantatuz dabiltzala.
Abaltzisketan ohitura zaharra da egun hontan herritarrak elkartzea Olentzero eguna etxez-etxe eta baserriz-baserri kantatuz ospatzeko. Ateratzen den dirua Txalburu eskolako guraso elkartearentzat izaten da.
Maiatzaren 1ean larreen irekiera berezia Larraitzen
Urtero bezala, Maiatzak 1ean,Enirio Aralar Mankomunitateak antolatuta Aralarko larreen irekiera ospatuko da Larraitzen. Eguerdi aldera, suziri baten bidez larreei irekiera emango zaie eta abereak mendi aldera abiatuko dira. Aldi berean, Larraitzen jai giroa izango da, artisau postuak, animali erakusketa, artzai erakustaldia, abereen markaketa eta Euskal Herriko produktuen salmenta. Bitartean, Artzaiek beraien ardiak, aberezaleak beraien behi eta behorrak Aralarko larreetara eramago dituzte.
10:00ak aldera, suziriaren aurretik, bertako postuak irekiko dira eta trikitilarien emanaldia egongo da. Ordu t´erdi geroago, Gipuzkoako behor eta zaldi lehiaketa ospatuko da eta suziriaren ondoren, eguerdian, ardi mozketa lehiaketa antzinako erara. Ez dira faltako bertsolariak ere. Arratsaldean berriz erromeria egingo da.